INOCENCIO GAZTELUMENDI

“Bihotzez nahi dut nire jarraitzaileek lan apal hau egin eta emenda dezatela, beraiek ere izan dezatela egunen batean ondo merezi duten tokia”.

 

SANTA ZEZILIA ABESBATZAKO FUNDAZIOA ETA LEHEN URTEAK

Santa Zezilia Abesbatzako sortzaile eta zuzendari izan zen, 1928tik 1955era. Donostiako Orfeoiko kidea ere izan zen. Musika biziki maite zuen gazte-gaztetatik, oboea jo zuen Donostiako Udal Bandan, eta instrumentuak eta kantua irakatsi zuen. Lan horiek guztiak zerbitzu agronomikoan zuen lanarekin tartekatu zituen, 47 urtetan zehar.

1961eko abenduaren 21ean hil zen. 1928ko apirilaren 23an, Inocencio Gaztelumendik sortu zuen Santa Zezilia Abesbatza, musika erlijiosoa zabaltzeko asmoz, Donostiako Orfeoiko eta zenbait eliza-abesbatzetako kideekin.

Irratirako egindako kantaldi batzuk izan ezik, elizetan eta musika erlijiosoa baino ez zituen kantatu Abesbatzak lehen hogei urteetan.

 

AITA JOSE IGNACIO PRIETO  

Gijonen jaio zen, 1900 urtean. Bere anaia Luisek, Guridiren ikasle izandakoak, solfeoa irakatsi zion, eta, hamalau urteekin, pianoko ikasketak amaitu zituen. Hurrengo urtean, organoko eta armoniako ikasketak burutu zituen. Bartzelonan, konposizioa eta kontrapuntua ikasi zituen.

Aita Prietorekin izandako harremanei esker, Santa Zezilia Abesbatza Lisboara eta Erromara joan zen. Lisboarako bidaia 1955ean izan zen, Tivoli antzokian kantatzeko eta S. Joao de Brito elizaren ohorezko inaugurazioan parte hartzeko.

 1956ean, eta Loiolako San Inazioren heriotzaren IV. Mendeurrena zela eta, Abesbatza Erromara joan zen. Bidaia horretan, Pio XII. Aita Santuaren aurrean abestu zuen, eta arrakasta handia lortu zuen.

 

IŅAKI GOŅI

1961ean, Donostiako alde zaharreko egoitza eskuratu zuen. Urte horretan hil zen Inocencio Gaztelumendi, eta Iņaki Goņi izendatu zuten zuzendari. Berarekin, Abesbatzak ibilbide berri bati ekin zion.

Bere zuzendaritzapean, Abesbatza Frantzia eta Alemaniara joan zen hainbat aldiz. Abesbatzen II. Nazioarteko Lehiaketan parte hartu zuen, Lillen (Frantzian), eta bigarren saria jaso zuen. Garai horretan, Gipuzkoako Abesbatzen Jaialdian ere parte hartu zuen, Donostiako Udal Kontserbatorioko Orkestra Sinfonikoarekin eta Stella Maris abesbatzarekin batera, Javier Bello Portu maisuaren zuzendaritzapean. Bach Jaialdian ere parte hartu zuen, Enrique Jordá maisua zuzendari izanik. 1966ean, Italian, Lorettoko Rassegna Internazionale di Capelle Musicali jaialdian kantatu zuen lehen aldiz, eta hainbat aldiz itzuli zuen jaialdi horretara (1969-1972-1974). Horietako batean, Pablo VI. Aita Santuaren aurrean abestu zuen, Vatikanon, beste zenbait abesbatzekin batera, Iņaki Goņiren gidaritzapean. 1968an, bigarren saria jaso zuen I. Arabako Abestiaren Lehiaketan.

 

AHOTS NAHASIETAKO ABESBATZA. URREZKO EZTEIAK.

 1970ean, Abesbatzaren egitura aldatu zen eta ahots nahasietako koru bihurtu zen. Abesbatza berriaren estreinaldia Saint Palais herrian (Frantzian) izan zen, 1971eko ekainean. Urte berean eta hurrengoan, Tolosako Euskal Kantuen Lehiaketan parte hartu zuen. 1973ko apirilaren 8an, Abesbatzak lehen saria lortu zuen IV Festival de Masas Corales lehiaketan, Ejea de los Caballeros-en (Zaragozan). Hori izan zen abesbatzak lortutako lehen sari nagusia.

1977an, Abesbatzak Llangollen-era joan zen (Gales), eta 1978an 50. urteurrena ospatu zuen. 1981eko irailean, Gomerara eta Tenerifera joan zen, eta honako hiri hauetan kantatu zuen: La Laguna, Los Silos, Tacoronte eta Los Realejos. 1985ean, Vienako Adventum jaialdian parte hartu zuen, eta, 1989an, Pariseko Nôtre Dame katedralean abestu zuen.

 

TRANTSIZIO-GARAIA: 1990-1996

Garai horretan, Andoni Sierrak hartu zuen Abesbatzaren zuzendaritza, eta, horrekin batera, aldaketa ugari gertatu ziren abesbatzako kideen artean; zailtasunak zailtasun, jende berri gaztea sartu zen koruan. Abesbatzaren jarduera ez da gelditzen, eta, berriz ere, lehen sari bat eskuratu zuen, orain San Vicente de la Barquera-ko Concurso de Canciķn Marinera jaialdian, 1990ean. 1993 urtean, Ejea de los Caballeros-eko XXIV Festival de Masas Corales lehiaketan parte hartu zuen, eta derrigorrezko obraren interpretazio onenari emandako lehen saria lortu zuen.  

1994ko irailean, Xanti Lizeagak, abesbatzako abeslariak, Santa Zezilia Abesbatzako zuzendaritza hartu zuen bere gain. Une zailak bizi zituen abesbatzak, gero eta zailagoa zelako jende berria erakartzea kantura.

 

1996-2003: PLATINOZKO EZTEIAK. GURE HISTORIAKO 75 URTEAK 

1996ko urrian, Santa Zezilia eta Bihoztun abesbatzak harremanetan jarri ziren bi koruekin bat egiteko. Proposamena aurrera joan zen, eta abesbatza berriak Santa Zeziliaren izena eta egoitza mantendu zuen. Zuzendari berria Javier Muguerza izan zen, Bihoztun koruaren zuzendaria, eta hala hasi zen Santa Zezilia Abesbatzaren azken aldia.

Bera zuzendaria delarik, Donostiako Udal Txistulariekin ohiko kolaborazioez gain, honako jaialdi hauetan hartu du parte Santa Zezilia Abesbatzak: VII. Musika Jardunaldia (Pasai Donibane, 1997), Udazkeneko Aste Koralean (Loiola – Donostia, 1997), Aita Donostia I. Musika Astea (Donostia, 1998), Antigua Abesbatzak II. Lehiaketa (Zumarraga, 1998) -epaimahaiaren lehen saria eta entzuleen saria eskuratu zituen-, Antiguako XV. Musikaldia (Zumarraga, 1998), eta XVIII Jornadas Coralistas Aragonesas (Borja, 1998). Antigua Abesbatzak lehiaketan lortutako lehen saria dela medio, Abesbatzak parte hartu zuen Espainiako I Gran Premio Nacional de Canto Coral lehiaketan, Ejea de los Caballeros-en, 1999an.

 

Tolosako 31. Abesbatzen Lehiaketako Topaketak kontzertuan (1999) parte hartu du, Errenteriako Musikaste - 2000 jaialdian eta Arrigorriaga Abeslari III. Abesbatzen Lehiaketan (2001), non epaimahaiaren lehen saria jaso baitzuen. 

2001. urtean ere, Tomas Garbizu konpositorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolaturiko ekintza batean parte hartu du. 2003an, bere 75. urteurrena ospatu du hainbat ekintzekin eta Pasai Donibaneko XIII Musika Jardunaldietan parte hartu du.

2004- ... : BERRIENA 

2004. urtean Haroko (Errioxa) II Eliz Musikako Zikloan parte hartzen du. 2005ean Lizarrako Abesbatza Kontzertuen Udaberriko Zikloan parte hartu du, eta, Burgosen ospatutako IV. "Antonio José" Abesbatzen Lehiaketa Nazionalan parte hartu du lehenengo saria eskuratuz. Azkenaldi honetan, hainbat kontzertuaz gain, Pasai Antxoko Aste Musikalan parte hartu du, Okendoko kultur etxeak antolatutako Eliz Musikako Zikloan Mozarten eta Haydnen mezak abestuz, Tolosako Abesbatzen Lehiaketaren barne egindako Abesbatzen Topaketan, Burladako Hilarion Eslava Abesbatzen Jaialdian eta Donostiako Aita Donostia IX. eta X. Musika Astean.  Karl Jenkins egileak konposatutako Gizon armatua: pakerako meza antzeztu du hainbat ziklotan (Torreviejako XXI. Nazioarteko Abesbatzen Topaketan, X. Aita Donostia Musika Astean, Urretxuko Udazkeneko XXII. Musika Zikloan, Zumaiako XXIV. Musika Jaialdia, Zarauzko 20. Udako Musikaldia) eta La Caixak antolatutako taldeen arteko Haendel-en Mesias-en kontzertuetan Donostiako Victoria Eugenia Antzokian hartu du parte 2007 eta 2008 urteetan.

Donostian eta inguruan hainbat kontzertu egiteaz gain, Santa Zezilia Abesbatzak urtero, gure hirian tradiziozkoak diren hainbat ekintzetan parte hartzen du: Santa Ageda bezperako koruetan (otsailaren 4an), 1813ko abuztuaren 31ko sutearen ospakizunetan, eta Koruko Ama Birjinaren bederatziurrenean Santa Maria Basilikan. Horrez gain, kontzertu bat eskaintzen du Donostiako Txistularien Udal Bandarekin batera Santa Zezilia egunean, eta San Bizente Parrokiak urtean zehar antolatzen dituen hainbat ospakizunetan ere kolaboratzen du.  

 

OHARRA

1928-1978 urte bitarteko informazioa, Santa Zezilia Abesbatzako Urrezko Ezteiak zirela eta Javier María Sadak argitaratutako liburutik jaso dugu.